Abian dira Gasteizen Nazioarteko Misio Teknikoa eta Lurralde Garapeneko Agentzien III. Topaketa Iberoamerikarra

2025/04/07

Astelehen honetan, apirilaren 7an, hasi dira Gasteizen Nazioarteko Misio Teknikoa eta Lurralde Garapena Sustatzen duten Agentzien eta Erakundeen III. Topaketa Iberoamerikarra, GARAPENek antolatua, Iberoamerikako Munizipalisten Batasunarekin (UIM) eta Lurralde Garapena Sustatzen duten Agentzien eta Erakundeen Iberoamerikako Foroarekin (APRODET) lankidetzan.

Lehen jardunaldi honetan, parte-hartzaileei harrera egin zaie Gasteizko Udalean, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Udalak bultzatutako berrikuntza- eta ekintzailetza-politikak. Era berean, Erdi Aroko hirigunean kokatutako enpresa-zentroa bisitatu dute. Gune estrategiko horrek indartu egiten du hiriak tokiko ekintzailetza bultzatzeko duen konpromisoa. Goiza harrera instituzional batekin amaitu da, alkatetzako ordezkariekin.

Arratsaldean, Misioa Goierrira joango da, eta parte-hartzaileek Goieki agentzia bisitatuko dute, eskualdeko garapen-eredua gertutik ezagutzeko. Eredu hori lankidetza publiko-pribatuan eta tokiko ekoizpen-sarearen aldeko apustuan oinarritzen da.

Apirilaren 7tik 9ra bitartean, topaketa honek Euskadin bilduko ditu Kolonbia, Argentina, Peru, Bolivia, Kuba eta Eskualde Garapenerako Agentzien Espainiako Elkarteko (ADR foroa) ordezkariak.

“Ekintzailetzarako eta Berrikuntzarako Lurralde Ekosistemak” lelopean, ekitaldiaren helburua esperientziak partekatzea, kolektiboki hausnartzea eta ekintzailetzako eta lurralde-garapeneko ekosistema sendo, fidagarri eta iraunkorrak sendotzen dituzten jardunbide egokiak ikusaraztea da, euskal eredua kasu.

Informazio gehiago: https://pga.uimunicipalistas.org/catalogo/649