Garapenek gidatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektuak 19 pertsona lagundu eta 20 proiektu ekintzaile identifikatu ditu.
Garapen-agentzien laguntzarekin ekiten duten pertsonen profila aldatzen ari da. 2025ean, 1.377 proiektu jarri ziren abian garapen-agentzien laguntzarekin. Horietatik %32a atzerriko jatorria zuten pertsonek sustatu zituzten, urtez urte hazten ari den ehunekoa. Errealitate berri horren aurrean ‘BIDEAK SORTZEN: etorkinen ekintzailetza’ proiektuak esperientzia pilotu bat garatu du migratzaileei beren enpresa-proiektuetan laguntzeko eta ekintzailetzarako sarbidea errazteko.
GARAPENek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, gidatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako ekimena, Bilbao Ekintza, Bermeoko Udala, Durangaldeko Behargintza, Leartibai Fundazioa eta Leioako Udala garapen-agentzien bidez gauzatu da. Proiektua, Euskadiko migratzaileentzako ekintzailetza-gidaren argitalpenarekin amaitu da. Baliabide praktiko honek Euskadin jarduera ekonomiko bat abian jarri nahi duten atzerritarrek kontuan hartu beharreko izapide, baldintza eta alderdi nagusiak biltzen ditu.
Proiektua errealitate zehatz batetik abiatzen da: migratzaile ekintzaileek bertako pertsonek baino behar desberdinak izan ditzakete, eta, beraz, ekintzailetza zerbitzuak egoera horietara egokitu behar dira. Gainera, garapen-agentzietara jo ohi duten migratzaileek bizileku eta lan-baimena izaten dute.
BIDEAK SORTZENek, akonpainamendu hori zabaltzeko helburuarekin, bizileku eta lan-baimenik ez duten pertsonekin ere lan egiten du enpresa-ekimen bideragarri bat garatzeko laguntza eskainiz. Ekintzailetzarekin lotutako gizarte-errotze bidezko salbuespenezko egoerengatik, aldi baterako bizileku-baimena lortzen ere lagundu die.
Ekintzailetza eta atzerritartasuna uztartzen dituen akonpainamendua
Behar horiei erantzuteko, proiektuak aurreinkubazio eta banakako laguntza-zerbitzua eskaintzen du. Parte-hartzaileek prestakuntza jaso dute beren gaitasun ekintzaileak garatzeko, aholkularitza, atzerritartasunaren aurrean beharrezkoa den dokumentazioa prestatzeko eta laguntza enpresa-planak lantzeko.
Esperientziak erakutsi duenez, kasu hauetan ekintzailetza-proiektu batekin laguntzeak negozio-ideiatik harago doazen gaiak jorratzea eskatzen du. Atzerritartasuna, fiskalitatea, Gizarte Segurantza, lizentziak, finantzaketa, gaitasun digitalak eta bideragarritasun ekonomikoa batera aztertu beharreko alderdiak dira.
Diana Baronek, programako parte-hartzaileak, laguntza horren balioa nabarmendu du:
“Oso zorionekoa sentitzen naiz programan parte hartu eta prestakuntza jaso ahal izan dudalako. Niretzat, oinarri oso garrantzitsuak ezarri ditu, bai lege-esparruari dagokionez, bai bideragarritasunari dagokionez. Izan ere, programa honen berri aldez aurretik izan banu, nire ideia dagoeneko enpresa bihurtuta egongo zen”, adierazi du Baronek.
Bere esperientziak BIDEAK SORTZENen helburu nagusietako bat laburbiltzen du: migratzaileei beren proiektuen bideragarritasuna baloratzeko eta abian jartzeko beharrezko tresnak eta ezagutzak ematea, berme handiagoz aurrera egin ahal izan dezaten.
Euskadin ekiteko gida praktikoa
Esperientzia pilotu honen emaitza nagusietako bat Euskadiko atzerritarrentzako ekintzailetza-gida argitaratzea izan da. Dokumentuak laguntza-prozesuan antzemandako ikaskuntzak eta beharrak jasotzen ditu, eta baliabide praktiko bihurtzen ditu bai etorkizuneko ekintzaileentzat eta baita ere aholku ematen dieten zerbitzu eta profesionalentzat.
Gidak, ekintzailetza-prozesuaren faseei buruzko informazio egituratua eskaintzen du, negozio-ideia zehaztetik, jarduera abian jartzeraino. Besteak beste, honako gai hauek lantzen ditu:
- Atzerritarrentzako lege eta administrazio-esparrua.
- Enpresa-proiektuaren prestaketa eta plangintza.
- Forma juridiko desberdinak.
- Jarduera bat abian jartzeko beharrezko izapideak.
- Fiskalitatea, lan-kudeaketa eta Gizarte Segurantza.
- Finantzaketa lortzeko bide nagusiak.
- Euskadiko ekintzailetza-ekosisteman eskuragarri dauden baliabideak.
- Tresna praktikoak, hala nola proiektua abian jartzeko checklist bat, orientazio-ereduak eta terminoen glosarioa.
Gidak, proiektuan sortutako ezagutzari jarraipena emateko aukera eskaintzen du, eta beste pertsona batzuei informazio hori eskuratzeko aukera ematen die horrelako prozesu bati bakarka aurre egin behar izan gabe. Izan ere, migratzaileen kasuan, ekintzailetza prozesu batek, aldi berean enpresa-, administrazio- eta atzerritartasun prozesuen beharra aktibatu ditzake.
19 pertsona lagunduta, 20 ekimen identifikatuta
BIDEAK SORTZEN proiektuan 19 migratzailek parte hartu zuten, eta 20 ekimen ekintzaile identifikatu ziren. Prestakuntza eta aholkularitza faseetan zehar, parte-hartzaileek hainbat gai landu zituzten, besteak beste, merkatuaren azterketa, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa, forma juridikoa, jarduera bat abian jartzeko beharrezko izapideak eta proiektu bakoitzaren berariazko beharrak.
Laguntza-prozesuaren ondorioz, guztira 10 ekintzaileri dagozkien 9 enpresa-bideragarritasuneko proiektu garatu ziren.
Prozesuak, halaber, aurreinkubazio-fasea izatearen garrantzia egiaztatzeko aukera eman zuen. Parte-hartzaileetako batzuek beren proiektuekin ez jarraitzea erabaki zuten negozio-plana prestatzen ari zirela. Horri esker, zenbait ekimenen zailtasunak garaiz antzeman ahal izan ziren, inbertsioak egin edo betebeharrak hartu aurretik.
Landutako proiektuak hainbat sektoretakoak izan ziren. Merkataritza-jarduerak, zerbitzu pertsonalak eta estetika-zerbitzuak eta ehungintzari lotutako artisau-proposamenak izan ziren nagusi. Besteak beste, ile-apaindegi eta barberia-proiektuak, estetika, merkataritza espezializatua, ostalaritza eta elikadura, artisau-produktuak, kakorratz-lanak eta makramea, joskintza eta ehungintzako birziklapena, baita zerbitzu profesionalak, basogintza, garbiketa eta nazioarteko lankidetzako zerbitzuak ere.
Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, Kolonbia izan zen herrialde nagusia: 19 pertsonetatik 14 Kolonbiatik zetozen. Gainerakoak Txile, Nikaragua, Paraguai eta Kamerungoak ziren.
Ekintzailetza-zerbitzuak errealitate berri batera egokitzeko proiektua
BIDEAK SORTZENek agerian utzi du beharrezkoa dela migrazioaren ikuspegia txertatzeko eta proiektu bakoitzaren egoera eta heldutasun-mailara egokitzeko, gai diren ekintzailetza-zerbitzuak garatzen jarraitzea.
Esperientzia pilotua ekarpen bikoitzarekin amaitu da: alde batetik, ekiteko interesa duten migratzaileei zuzeneko laguntza eman zaie, eta enpresa-bideragarritasuneko proiektuak garatu dira; bestetik, gidarekin, proiektuaren ikaskuntzak jasotzen dituen eta Euskadin etorkizunean ekin nahi duten atzerritarrei bidea errazten dien tresna praktikoa sortu da.
Esteka: Guía de emprendimiento para personas extranjeras en Euskadi
