Garapen Agentzien Euskal Elkarteak urteko lehen Batzar Nagusia ospatu du gaur Donostia Sustapeneko EKINN gunean, eta Euskadiko udalerri eta eskualdeetan enplegua, ekintzailetza eta eraldaketa iraunkorra sustatzeko konpromisoa berretsi du.
Parte hartu duten agentzietako teknikari eta arduradun politikoek Ane Oyarbide, Donostiako Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ongietorria jaso dute, eta 2024ko ekitaldiaren itxiera eta jarduera-memoria onartu dira. Sareak bultzatutako lankidetza-proiektuak ere aurkeztu dira, eta lurralde-foroen artikulazioan egindako aurrerapenak partekatu dira.
Une nabarmenetako bat Arantza Martinez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendariaren agerraldia izan da, Enpleguaren Euskal Legea garatzeko aurrerapausoak aurkeztu baititu. Ondoren, bertaratu direnek EKINN bisitatu dute, Donostiako berrikuntza eta ekintzailetza nodoa.
2024ko datuek Garapenen eta haren agentzien jarduera bizia islatzen dute. Enpleguarekin lotutako 69.218 kontsultari erantzun diete, eta 11.136 langaberi lagundu diete laneratzeko orientazioan, 4.647 lan-eskaintza kudeatu dituzte, eta 1.377 enpresa berri sortzen lagundu dute, 2.235 enplegu sortuz.
Gainera, enpresentzako 1.282 laguntza-eskaera bideratu dira, eta 4.866 negozio baino gehiagorekin egin da lan, digitalizazioan, energia-eraginkortasunean eta lehiakortasunaren hobekuntzan arreta handia jarrita. Ekintzailearen profil nagusia 35 eta 45 urte bitarteko emakumea izan da, goi-mailako ikasketak dituena eta langabezian dagoena.
Sareko gobernantza-ereduagatik ere nabarmentzen da Garapen: 90 sare aktibo baino gehiago eta 1.374 eragiletik gora biltzen ditu, eta tokiko eremuko trantsizio digital, ekologiko eta sozialeko prozesuetan paper garrantzitsua betetzen du.
Batzarra amaitzeko, networking-gune bat eta hamaiketako bat egon dira, eta elkarteak Euskadin tokiko garapen iraunkorra bultzatzeko duen erreferentziazko rola sendotu du.