Kulturen eta sormenaren arteko lankidetza indartzeko CULTSOS topaketan parte hartu du Garapenek

2025/06/11

Garapen Agentziak CULTSOS jardunaldian parte hartu du gaur, Bilbon, Agustinak Zentroko zuzendari Esti Susperregiren eskutik, Kultura eta Sormen Industrien taldea ordezkatuz. Kultibak eta Espazok antolatu dute jardunaldia, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin, eta eragile publiko eta pribatuak bildu dira, kulturaren sektorearen garapenaren inguruko estrategiak eta esperientziak partekatzeko.

Topaketan, Susperregik Garapenen Kultura eta Sormen Industrien taldearen ibilbidea nabarmendu du. Tokiko garapen-agentzien sare bat da, Garapenetik 2016an bultzatua, kultura- eta sorkuntza-industriek (ICC) lurraldean duten zeregina indartzeko. Erakundeen eta sektoreen arteko lankidetza kultura-ekosistema sendo eta iraunkorrak eraikitzeko funtsezkoa dela sinetsita sortu da sare hori.

“KS Garapen sektorearen erronka komunei erantzuteko sortu da, ezagutza, esperientziak eta agentzien arteko baliabideak partekatuz. Euskadi-Akitania mugaz gaindiko proiektua, CULTSOS webinarren zikloa edo KS Topaketak bezalako ekimenak garatu ditugu, beti ere elkarlanerako begirada batekin”, azaldu du Susperregik.

CULTSOS jardunaldiak balio izan du, halaber, tokiko proiektuak ikusarazteko, hala nola Agustinak Zentroa, Oarsoaldetik sustatutako espazio bat, Gipuzkoan kultura- eta sorkuntza-proiektuak inkubatzearen eta sendotzearen alde egiten duena. Susperregik nabarmendu duenez, horrelako ekimenek erakusten dute zeinen garrantzitsua den hitzarmen iraunkorrak egitea erakundeen, eragile independenteen eta erakunde pribatuen artean.

“Konfiantza, ikuspegi partekatua eta baliabide egonkorrak eskatzen dituen iraupen-lasterketa da lankidetza. Garapen agentziok funtsezko zeregina dugu politika instituzionalak sektorearen errealitatera hurbiltzeko eta lurraldean sinergiak sortzeko”, amaitu du.