Ekimena Berritzelan Sarearen baitan kokatzen da eta hamar euskal erakundek parte hartzen dute. Pertsona migratzaileen talentua Euskadiko sektore estrategikoetako enpresen kontratazio-beharrekin lotzea du helburu.
Duela gutxi amaitu den aparteko erregularizazio-prozesuak aukera berri bat ireki die jatorrizko herrialdeetan lan-esperientzia edo prestakuntza eskuratu duten pertsona migratzaile askori. Garapenek gidatutako Ate Berriak proiektuaren helburua pertsona horien laneratzea erraztea da, laguntza pertsonalizatuaren eta enpresa-sarearekiko lankidetza sustatuz.
Proiektuak lan-orientazioko ibilbide intentsibo bat jarriko du abian, parte-hartzaile bakoitzaren gaitasunak eta enplegagarritasun-maila identifikatzeko. Horretarako, orientazio pertsonalizatua, aholkularitza eta zeharkako gaitasunetan nahiz kulturartekotasunean oinarritutako prestakuntza eskainiko dira.
Aldi berean, proiektuan parte hartzen duten erakundeek sektore ezberdinetako enpresekin lan egingo dute benetako kontratazio-premiak identifikatzeko. Bereziki profesionalen eskaera handiena duten jarduera-eremuetan, hala nola metalgintzan, eraikuntzan, logistikan edo zaintza-sektorean.
Lan-aukerak identifikatu ondoren, Ate Berriak proiektuak parte-hartzaileen eta enpresen arteko harremana sustatuko du, hautaketa-prozesuetan laguntza eskainiz eta enpresetan harrera- eta tutoretza-sistemen bidez laneratzea erraztuz.
Proiektua Enplegu eta Inklusiorako Erakunde Berritzaileen Sarearen (Berritzelan Sarea) baitan garatzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren finantzaketa du.
Garapenekin batera, honako erakunde hauek parte hartzen dute proiektuan: Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioa (FVEM) (proiektuaren liderkidea), Inguralde, Gizatea, Sartu, Hirekin, Fundación Novia Salcedo, DEMA, Amurrio Bidean eta Debegesa. Guztiek batera enpleguan, gizarteratzean eta tokiko garapenean espezializatutako erakundeen aliantza osatzen dute.
